Etxebizitza adosatuaren eraberritzea (Villabona)

Kutxa apurtzea: espazioen arteko lotura.

Hiru solairuko etxebizitza adosatu honen jatorrizko barne banaketan, sarrera eta komunaren erdiguneko kokapenak sala eta sukaldea erabat bereizten zituen pareta opakuen bidez.

Eraberritze proiektu honetan lehentasuna izan da gela isolatu horien arteko lotura espaziala eta bisuala lortzea, eta argi naturalari protagonismoa ematea. Horretarako lehen urratsa sukaldea eta komuna desplazatzea izan da, eta tarteko paretak eraistea. Aldi berean, kristalezko eta egurrezko itxitura mugikorra ezarri da, une jakin batzuetan sala eta sukaldearen arteko bereizketa akustikoa erdiesteko.

Behe oinaz gain, lehen oina (logelak eta bi komuna) eta sotoa (txokoa) eraberritu dira eta inguratzaile termikoaren gaineko eskuhartzea egin da, isolamendu geruza berria gehituz eta leihate guztiak aldatuz.

Diseinuak kanpoko eta barneko elementuen arteko lotura bilatu du, kutxa apurtu eta espazio batetik besterako trantsizio bisuala errazteko intentzioarekin.